
Elur malutek kanpoko paisaia zuritua zuten.
Mitxarro ordea, bere ezkutalekuan
sartuta zegoenez ez zuen elurraren berririk. Izan ere negua hasi
aurretik mitxarrok den-dena ondo-ondo prestatu zuen neguko lo luzea
igarotzeko.
Historiotxoa udaberrian hasi zen. Aldi
hartan neguko loaldi luzetik esnatu zen, beti egiten zuen moduan.
Udaberriko lehen eguzki errainuek
zuhaitz zaharraren enborra berotzen hasi ziren eta horrekin batera
mitxarroren zuhaitzeko zulo sakona ere. Bero goxoak bihotz taupadak
aktibatu zituen eta taupada bakoitzarekin begiak irekitzen hasi
zitzaizkion.
Bat-batean gose handia nabaritu zuen
eta berehala esnatu zen. Nagiak atera eta zulotik ateratzeko
ahalegina egin zuen, lan zaila negua osorik lotan eman eta gero.
Enborretatik gora eta behera, adar
batetik bestera saltoka bere inguruko munduari itzulinguru azkarra
eman zion, dena betiko moduan zegoen. Denborarik ezin galdu eta jaten
hasi zen. Gertueneko gauzei kosk egin zien, hostoak atera gabe zeuden
eta kimak jan zituen, loreak ateratzen ari ziren eta haiek ere
irentsi zituen, lurrera jaitsi eta han ziza eta onddoak jan zituen,
artean gose zelarik hurriztira gerturatu zen. Hurritzen artean bila
eta ibili zen baina nahi zuena ezin topatu. Gose etengabean jaten
jarraitu zuen udaberriko egun politetan eta zakarrenetan ere,
belarrak, urteko lehen hazi eta fruitutxoak. Uda ailegatu zen eta
artean gosea itzela zen, jaten jarraitu behar zuen. Udan jakien
eskaintza ugaritu zen harren noizean behin hurritzetara gerturatzen
zen bere altxorraren bila baina han ez zegoen ezer, zuhaixketan
hostoak berde eta lurrean orbela. Orbelean bila eta bila aritu zen
hantxe xomorroak ugari izaten ziren eta noizbehinka atsegingarriak
egiten zitzaizkion jateko. Holakoetan eskutxoekin xomorroari heldu
eta jaten zuen artean gora begira geratzen zuen harrapariren bat
gerturatuko ote, hurritzei begira zerbait bitxia ikusi zuen. Honela
bada hurritzen enbor zuzen eta luzeetatik gora egin zuen. Adarren
artean barneratuta hostoen artean hurrak topatu zituen, pozak salto
egin zuen bere barnean, hura zen berak bilatzen zuen altxorra. Pozak
pentsatzen utzi ez eta hurrak marraskatzen hasi zen. Bat hartu eta
hutsik topatu zuen, hurrengoarekin gauza bera eta guztiak hutsik
zeudela ikusita marraskatzeari utzi zion. Gauza bitxia, aurreko
urteetan hurrak jan eta jan, bapo gizendu zen, honela negua igaro
ahal zezakeen. Hurrak hutsik bazeuden neguari ezin izango zion aurre
egin. Larritu egin zen. Uda zen eta negurako denbora tarte majoa
falta zen, baina hurrak ezinbestekoak ziren. Hurren faltan beste
zenbait fruitu jateari ekin zion, aranak, haziak eta masustak. Baina
jaki horiek ez zioten loditzen laguntzen jan eta berehala gorotz
bihurtzen ziren.
Hurritzak goitik behera miatu zituen
hur beteak topatuko ote, baina topatu gabe. Hurritzek ezertarako ez
zutela balio pentsatu zuen orduan, baina latza egiten zitzaion hori
pentsatzea, berak hurrak maite zituen eta.
Uda amaieran sagarrondoaren adarrean,
erortzeko zegoen sagar zizareduna jaten hari zela hurritzak begi
bistan zituen. Hurritzen azpian saguak ikusi zituen eta ohartu zen
saguak ahoan hurra zeramala. Azkar eta denborarik galdu gabe
hurritzetara gerturatu zen eta saguari jarraitu zion. Sagua bera
baino txikiagoa zen eta laster izutu zen mitxarro ikusterakoan.
Ihesean, saguak hurra galdu zuen eta mitxarrok abilezia handiz
eskuekin harrapatu. Huraxe sorpresa, hurrak pisurik ez zuen hutsik
baitzegoen. Hurrak zulo itzela zuen alde batean, sudurra han sartu
eta hurra hutsik zegoela baieztatu zuen. Hurra bota egin eta
orduantxe hurrez inguratuta zegoela ohartu zen, zulotutako hurrak
ziren. Mitxarrok saguak hurrak lapurtu zizkiola eta jan egin zituela
pentsatu zuen. Ezer egiterik ez zuela eta sagarrondora bueltatu zen
sagarra jatera, ezin zuen astirik galdu, ahal bezain beste loditu
beharra zuen.
Egunekin giro epela hozten hasi zen.
Mitxarrok beldur handia zuen, artean gehiago jan beharra zuen lotan
hasi aurretik. Hurritzen azpian onddoak hazi ziren, ikaragarri
atsegin zituenak eta han baino sortzen ez zirenak. Horretaz gain
xomorro ugari jateko parada zuen han orbelean ugari ezkutatzen
baitziren. Noizean behin saguarekin topo egiten zuen, saguak ere
etengabe janari bila ibiltzen zen.
Mitxarrok hurritzei begiratu eta
pentsatzen zuen “hurrik ez baina xomorro ederrak daude zuen azpian
eta hemen baino ez sortzen ez diren onddoak topatzen ditut, eskerrak,
bestela zertarako balio duzue? Ez lorerik, ez sagarrik ezta etxea
egiteko enbor lodirik ere ez duzue.”
Egun hotzak ailegatu ziren, haizeak
putz egiten zuen etengabe. Mitxarrok beldur handia zion hotzari. Hile
grisak hotzetik libratzen zuen arren negurako gantza behar zuen. Mehe
zegoela eta etengabe jaten zuen mitxarrok. Sagar ugari zegoen aldi
hartan, baita udare eta basa-fruitu ugari, baina gantza sortzeko ez
zuten balio. Saguarekin noizean behin topo egiten zuen, hurritzen
azpian beti ere. Bitxia egiten zitzaion mitxarrori, sagua hurrak
bilatzen ari zen, baina han ez zegoen hurrik.
Halako batean haize bolada etengabeak
zuhaitzen adarrak astindu zituen, txori txikiek babesa bilatu beharra
izan zuten eta sakabanatuta zeuden zaborrak airean hegaka hasi ziren.
Mitxarro babes bila joan zen baina hurritzen artetik atera gabe bere
pausoen atzetik kolpe bat entzun zuen. Izuak eraginda lasterka ihes
egin zuen baina kolpe zarata ugari egin sen. Sagarrondo enborrean
gora egin eta adar lodi baten babesean hurritzei begira geratu zen.
Han ez zegoen inor. Baina orduantxe hurritzen hartean sagua ikusi
zuen. Zerbait biltzen ari ote? Haizeak putz egiteari eten egin gabe
berriz ere beherantz egin zuen mitxarrok. Orduantxe hara non bihotza
bete egin zitzaion. Hurritzen azpian sagua lan eta lan ari zen,
haizeak hur pilo bota zituen eta hura haiek pisutsuak ziren, hau da,
bete beteak zeuden. Jateari ekin zion, zoriontasun amaigabea nabaritu
zuen orduantxe mitxarrok. Saguari so jarraitu zuen, orduantxe ulertu
zuen. Hurrek denbora behar zuten hazteko eta behar zeneko momentuan
baino ez ziren adarretatik jausiko. Aurreko urtean ere hantzekoa
gertatu zitzaiola gogoratu zuen, noizbait ikasiko ote?
Mitxarrok hurrak marraskatu eta jaten
zituen artean saguari so zirauen. Saguak hurrak banan-banan hartu eta
sasien artera eramaten zituen. Saguek neguan lo luzerik ez zutela
egiten gogoratu zuen, beraz sagua negurako janari bilketa egiten ari
zen. Hura zen gauza hura. Udan hurrak hutsik kanpora ateratzen zituen
beraz.
Mitxarrok berriz ere hurritzak maitatu
zituen, eskerrak eman zizkien onddoak emateagatik, xomorroak
erakartzeagatik eta azkenik hurrak sortzeagatik. Haiekin ederto
gizendu zenez negua goserik gabe eta hotzik igaro gabe igaro ahal
izan zuen bere gordeleku txiki ezkutuan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario